Pribatutasunari buruz egiten dizkiguten galdera nagusietako batzuen erantzunak aurkituko dituzu hemen; adibidez, Zer dira datuak? Informazio gehiago lortu nahi baduzu, irakurri Pribatutasun-gidalerroak.
Pribatutasuna Google-n
Kokapena
Ezagutzen al du Google-k nire kokapena?
Internet darabilzunean, aplikazioek eta webguneek gutxi gorabehera non zauden kalkula dezakete; horixe bera egiten du Google-k ere. Halaber, baliteke Google-k zure kokapen zehatza ere jakitea, gailuaren ezarpenen arabera. (Irakurri Zeinen zehatza da nire kokapena?)
Google-n bilaketak egiten dituzunean (adibidez, Bilaketa, Maps edo Google-ren Laguntzailea eginbidearen bidez), baliteke une horretako kokapena erabiltzea emaitza lagungarriagoak eskaintzeko. Adibidez, jatetxeak bilatzen badituzu, litekeena da emaitza lagungarrienen artean zure inguruko jatetxeak agertzea.
Irakurri Nola kudea dezakezu kokapena?
Nola aktibatu eta desaktiba dezaket kokapena?
Google-n bilaketak egiten dituzunean, zure gutxi gorabeherako kokapen zehaztugabea kalkulatzen du beti Google-k. Internetera konektatzen diren aplikazio edo webgune guztiak bezala, gailuaren IP helbidea oinarri hartuta kalkula dezake zure gutxi gorabeherako kokapena. Informazio gehiago lortzeko, irakurri Nola daki Google-k non nagoen?.
Google darabilzunean kokapen zehatza bidaltzen duzun ala ez aukeratzeko, kokapen-baimenak aktibatu edo desaktiba ditzakezu aplikazio eta webgune bakoitzean, baita gailuan ere.
Etxeko edo laneko helbidea ezarri baduzu eta Google-k etxean edo lanean zaudela ondorioztatzen badu, helbide zehatza erabiliko da bilaketa egiteko.
Zeinen zehatza da nire kokapena?
Kokapen zehaztugabea
Google-n bilaketak egiten dituzunean, zure gutxi gorabeherako kokapen zehaztugabea kalkulatzen du beti Google-k. Horrela, Google-k emaitza egokiak emango dizkizu eta kontua babestuta mantenduko du ezohiko jardueraren bat hautemanez gero (esaterako, beste hiri batean hasten baduzu saioa).
Kokapen zehaztugabea 3 km²-tik gorakoa da eta gutxienez 1.000 erabiltzaile ditu; hortaz, ezinezkoa da bilaketaren kokapen zehaztugabearekin zu identifikatzea, eta horrek pribatutasuna babesten du.
Kokapen zehatza
Baimena ematen baduzu, Google-k zure kokapen zehatza erabil dezake. Adibidez, Google-k zure kokapen zehatza jakin behar du "izozkiak nire inguruan" eta antzeko bilaketen emaitza egokienak edo denda batera oinez joateko urratsez urratseko jarraibideak erakustearren.
Kokapen zehatzak zehazki non zauden adierazten du (esaterako, helbide jakin bat).
Nola daki Google-k non nagoen?
Zure kokapena hainbat iturburutatik lortzen da, zeinak elkarrekin erabiltzen baitira gutxi gorabehera non zauden kalkulatzeko.
Gailuaren IP helbidea
IP helbideek oinarri geografikoa dute neurri batean, telefono-zenbakien aurrezenbakien antzera. Erabiltzen dituzun aplikazioek eta webguneek, google.com barne, zure kokapen zehaztugabea IP helbideari esker kalkulatuko dutela esan nahi du horrek. Interneteko zerbitzu-hornitzaileak esleitzen dio IP helbidea gailuari, eta helbide hori Internet erabiltzeko ezinbestekoa da.
Gailuaren kokapena
Gailuaren kokapena erabiltzeko baimena ematen badiozu Google-ren aplikazio edo webgune bati, informazio hori non zauden ulertzeko erabil daiteke. Ia gailu guztiek sistema eragilean integratuta dauden kokapen-ezarpen bat dute, normalean Ezarpenak atalean.
Google-ko jarduerak
Aurrez Google-n egin dituzun bilaketetan oinarrituta kalkula dezake Google-k zure gutxi gorabeherako kokapen zehaztugabea. Adibidez, Mumbain zaudela "pizza" maiz bilatzen baduzu, litekeena da Mumbaiko emaitzak ikusi nahi izatea.
Etiketatutako tokiak
Etxeko edo laneko helbidea ezarri baduzu (ala biak), Google-k helbide horiek erabil ditzake gutxi gorabehera non zauden kalkulatzeko. Adibidez, etxeko helbidea ezarri baduzu eta etxetik gertu zaudela hautematen badugu (zure IP helbidearen, aurreko jardueren eta kokapenari buruzko beste informazio-iturburu batzuen arabera), etxeko helbidea erabiliko dugu gutxi gorabehera non zauden kalkulatzeko.
Nork ikus dezake nire kokapena?
Zure esku dago. Google-ren Kokapena partekatzea erabiltzen baduzu, unean uneko kokapena partekatu ahal izango duzu lagunekin eta familiarekin Google-ren aplikazio eta webgune guztietan.
Egiaztatu ea kokapena partekatzen ari zaren
Modu lehenetsian, Kokapen-historia desaktibatuta dago. Unean uneko kokapena partekatu nahi baduzu, norekin eta noiz arte partekatu nahi duzun aukeratu eta berretsi behar duzu. Nahi duzunean utz diezaiokezu kokapena partekatzeari.
Google-n partekatzea
Zer ikus dezakete besteek Google-n edukia partekatzen dudanean?
Besteek Google-ren aplikazio eta webguneetan zuri buruz ikus dezaketena zer eta nola partekatzen duzunaren araberakoa da:
Publikoki partekatzea
Google Maps eta antzeko aplikazioetan ekarpenak egiten badituzu, beste pertsonek zure izena eta argazkia ikus ditzakete. Adibidez, gogoko duzun izozki-denda bat baloratzen baduzu, beste pertsonek zure balorazioa, izena eta argazkia ikus ditzakete Google Maps-en denda horri buruzko informazioa irakurriz gero.
Pribatuki partekatzea
Argazkiak, bideoak, dokumentuak eta antzeko gauzak beste batzuekin partekatzen badituzu, hartzaileak zure izena eta argazkia ikusi ahalko ditu, partekatutakoaz gain.
Pentsatu ondo edukia beste batzuekin partekatu aurretik eta ziurtatu ematen ari zaren sarbide-maila ulertzen duzula. Adibidez, Google Drive-ko karpetetarako edo Google Argazkiak zerbitzuko albumetarako sarbidea partekatzen duzunean, baliteke jendeak sarbidea izaten jarraitzea eduki berria gehitu ahala.
Nork ikus dezake partekatzen dudan edukia, hala nola argazkiak, bideoak eta dokumentuak?
Erabiltzen dituzun Google-ren aplikazio eta webguneetan beste pertsona batzuekin eduki jakin batzuk partekatzea aukera dezakezu.
Gogoratu partekatzen duzun edukia berriro parteka dezaketela besteek, baita Google-renak ez diren aplikazio eta webguneetan ere.
Edonoiz ezaba dezakezu zeure edukia kontutik, baina horrek ez du esan nahi dagoeneko partekatu dituzun kopiak ezabatuko direnik.
Kontuz ibili partekatzen duzunarekin eta partekatu edukia fidagarriak iruditzen zaizkizun pertsonekin soilik.
Inoiz partekatzen al du Google-k nire informazio pertsonala besteekin?
Ez dugu partekatzen zure informazio pertsonala Google-tik kanpoko enpresekin, erakundeekin edo banakoekin kasu jakin batzuetan izan ezik; adibidez, legeak hala eskatzen duenean.
Ikastetxearen bidez Google-ko kontu bat baduzu (Google Workspace for Education-eko kontu bat, alegia), kontua kudeatzen duen ikastetxeko administratzaileak zure informazioa atzitu ahal izango du.
Ikastetxeko administratzaileen sarbidea
Baliteke ikastetxeko administratzaileak hauek egin ahal izatea Google Workspace for Education-en duzun kontuan:
- Kontuan gordetako informazioa atzitu eta gorde; esaterako, mezu elektronikoak
- Kontuari buruzko estatistikak ikusi; adibidez, zenbat aplikazio instalatzen dituzun
- Kontuko pasahitza aldatu
- Konturako sarbidea behin-behinean eten edo amaitu.
- Kontuari buruzko informazioa jaso lege, arau, lege-prozesu edo gobernuaren eskaera aplikagarriak gordetzeko
- Zure informazioa edo pribatutasun-ezarpenak ezabatzeko edo editatzeko gaitasuna murriztu
Zer arrazoi ditu Google-k zure informazioa partekatzeko?
Baimena ematen diguzunean
Adibidez, Google-ren Laguntzailea erabiltzen baduzu pizza bat eskatzeko, zure baimena beharko dugu jatetxearekin zure izena eta telefono-zenbakia partekatu aurretik. Irakurri Nola laguntzen dizu Google-k datuak segurtasun osoz hirugarrenen aplikazio eta zerbitzuekin partekatzen?.
Domeinuen administratzaileekin, goian azaldu bezala.
Kanpoan prozesatzeko: informazio pertsonala ematen diegu gurekin lan egiten duten enpresei, datuak gure argibideei jarraituz prozesa ditzaten. Adibidez, kanpoko enpresak erabiltzen ditugu bezeroarentzako laguntza-zerbitzua eskaintzeko; bada, erabiltzaileen galderei erantzun ahal izateko, informazio pertsonala partekatu behar dugu enpresa horiekin.
Legezko arrazoiengatik
Informazio pertsonala Google-tik kanpo partekatuko dugu informazio hori ematea helburu hauetarako beharrezkoa dela uste badugu:
- Lege, arau, lege-prozesu edo gobernuaren eskaera aplikagarriak gordetzeko.
- Zerbitzu-baldintza aplikagarriak gordearazteko, urratze posibleen azterketa barne.
- Iruzurrak, segurtasun-arazoak eta arazo teknikoak hautemateko, ekiditeko edo bideratzeko.
- Google-ren, gure erabiltzaileen edo ikus-entzuleen eskubideak, jabetza edo segurtasuna urratzea eragozteko, lege aplikagarriek eskatzen edo onartzen duten heinean.
Datuak eta pertsonalizazioa
Zer datu biltzen ditu Google-k niri buruz?
Google-ren aplikazioak eta webguneak erabiltzen dituzunean, zerbitzu horiek eskaintzeko, zerbitzuok lagungarriago egiteko eta beste gauza batzuetarako behar dugun informazioa biltzen dugu, Zergatik biltzen ditu Google-k datuak? atalean azaltzen den bezala.
Ezarpenen bidez, biltzen ditugun datuak eta datu horiek nola erabiltzen diren muga ditzakezu. Adibidez, ez baduzu nahi YouTube-ko historia Google-ko kontuan gordetzea, YouTube-ren Historia desaktiba dezakezu. Irakurri Nola erabaki dezaket Google-k zer gordetzen duen?
Zer dira datuak?
Zuk ematen dizkiguzun eta pertsonalki identifikatzen zaituzten gauzak daude informazio pertsonalaren barruan; besteak beste, zure izena edo helbide elektronikoa. Halaber, Google-k zurekin zerikusia dutela ondorioztatu duen beste datu batzuk ere daude bertan; esaterako, Google-ko kontuan zurekin erlazionatzen ditugunak.
Informazio pertsonalaren barruan bi gauza mota daude:
Ematen edo sortzen dituzun gauzak
Google-ko kontu bat sortzen duzunean, informazio pertsonala ematen diguzu; esaterako, zure izena eta pasahitz bat.
Halaber, sortzen, kargatzen edo besteengandik jasotzen duzun edukia gorde dezakezu, hala nola mezu elektronikoak eta argazkiak.
Google-n egiten dituzun gauzak
Zerbitzu hobe bat eskaintzeko biltzen dugu gure zerbitzuetan egiten dituzun jarduerei buruzko informazioa; besteak beste, bilatzen dituzun hitzak eta ikusten dituzun bideoak, harremanetan jartzeko eta edukia partekatzeko aukeratzen duzun jendea eta Chrome-ko arakatze-historia.
Google-ren zerbitzuak atzitzeko erabiltzen dituzun aplikazioei, arakatzaileei eta gailuei buruzko informazioa biltzen dugu, eta, horrela, hainbat eginbide eskain ditzakegu; esaterako, pantaila iluntzea bateria gutxi duzunean.
Zure kokapena prozesatzen dugu; adibidez, urratsez urratseko jarraibideak eta antzeko eginbideak erabiltzen dituzunean. Informazio gehiago lortzeko, irakurri Kokapena atala.
Zergatik biltzen ditu Google-k datuak?
Gure zerbitzuak eskaintzeko, zerbitzuok lagungarriago egiteko eta beste gauza batzuetarako behar dugun informazioa biltzen dugu, Nola biltzen ditugu datuak? atalean azaltzen den bezala.
Adibidez, Google Maps-i esker, zure helmugara iritsiko zara trafikoa saihestuz, zure kokapenari buruzko informazioa (zure datuak) eta datu publikoak (toki publikoei buruzko mapak eta informazioa) konbinatzen baitira.
Nola erabiltzen ditugu datuak?
Zerbitzuak eskaintzeko
Gure zerbitzuak eskaintzeko erabiltzen ditugu datuak; esaterako, emaitzak jaso ditzazun prozesatzen ditugu bilatzen dituzun hitzak.
Gure zerbitzuak mantentzeko eta hobetzeko
Datuei esker, gure zerbitzuak mantentzen eta hobetzen ditugu. Adibidez, etenen jarraipena egin dezakegu. Bestalde, oker idatzi ohi diren bilaketa-hitzik ohikoenak zein diren jakiteak gure zerbitzuetako ortografia-zuzentzailearen eginbideak hobetzen laguntzen digu.
Zerbitzu berriak garatzeko
Datuei esker, zerbitzu berriak garatzen ditugu. Adibidez, Google-ren lehen argazki-aplikazio Picasa-n jendeak argazkiak nola antolatzen zituen jakiteak Google Argazkiak diseinatzen eta kaleratzen lagundu zigun.
Zerbitzu pertsonalizatuak eskaintzeko, edukia eta iragarkiak barne
Pertsonalizatutako edukia eskaintzeko erabiltzen ditugu datuak, hala nola agian gustatuko zaizkizun bideoak gomendatzeko. Ezarpenen eta adinaren arabera, baliteke zure interesetan oinarritutako iragarki pertsonalizatuak erakustea.
Errendimendua neurtzeko
Errendimendua neurtzeko eta gure zerbitzuak nola erabiltzen diren ulertzeko ere erabiltzen ditugu datuak
Zurekin harremanetan jartzeko
Jarduera susmagarriren bat hautematen badugu, baliteke zure helbide elektronikoa jakinarazpen bat bidaltzeko erabiltzea
Google, gure erabiltzaileak eta ikus-entzuleak babesteko
Pertsonak sarean seguruago mantentzeko erabiltzen ditugu datuak; besteak beste, iruzurrak hautemateko eta ekiditeko
Nola erabiltzen ditu Google-k datuak gauzak pertsonalizatzeko?
Gure aplikazioak eta webguneak zuri egokitzeko biltzen dugun informazioa erabiltzea da "pertsonalizazioa"; besteak beste:
- agian gustatuko zaizkizun bideoen gomendioak
- segurtasun-aholkuak, Google-ren aplikazioak eta webguneak nola erabiltzen dituzun kontuan izanda (irakurri Segurtasun-egiaztapena)
Halaber, iragarkiak pertsonalizatzeko erabiltzen ditugu datuak, kasu batzuetan izan ezik (adibidez, ezarpena desaktibatuta badago edo adin jakin batzuetako pertsonentzat ezartzen bada).
Pertsonalizatzen al ditu Google-k ikusten ditudan iragarkiak?
Erakusten ditugun iragarkiak ahalik eta lagungarrien izan daitezen saiatzen gara. Hala ere, ez dugu pertsonalizatzen iragarkirik adin jakin batzuetako pertsonentzat edo Iragarkien pertsonalizazioa desaktibatuta daukaten pertsonentzat.
Edonola ere, pertsonalizatu gabeko iragarkiak lagungarriak izan daitezke. Adibidez, "oinetako berriak" bilaketari buruzko emaitzen orri bat ari bazara ikusten, baliteke kirol-oinetakoen enpresa baten iragarki bat ikustea. Litekeena da iragarkia faktore orokorretan oinarrituta egotea; besteak beste, eguneko ordua, kokapen orokorra eta ikusten ari zaren orriko edukia.
Zure esku dago
Nola erabaki dezaket Google-k zer gordetzen duen nire kontuan?
Google-ren zerbitzuak darabiltzazunean (Argazkiak, adibidez), babeskopiak egitea, argazkiak sinkronizatzea edo antzeko gauzak egitea erabakitzeko aukera ematen dizuten ezarpenak daude.
Halaber, Google-ren aplikazio eta webguneetan zerbitzua pertsonalizatzeko aukera ematen duten ezarpenak daude. Sareko eta aplikazioetako jarduerak eta YouTube-ren Historia funtsezko bi ezarpen dira.
Ezarpen horiek aktibatuta daudenean:
- Google-ren aplikazioetan eta webguneetan egiten dituzun jarduerei buruzko informazioa Google-ko kontuan gordeta geratzen da
- Gordeta daukazun informazioa Google erabiltzeko modua pertsonalizatzeko erabiltzen da
Sareko eta aplikazioetako jarduerak
Google-ren webgune eta aplikazioetako jarduerak gordetzen ditu (Bilaketa eta Maps-ekoak, adibidez), eta haiekin erlazionatutako informazioa hartzen du barne, hala nola kokapena. Halaber, Chrome-ko historia sinkronizatua eta Google-ren zerbitzuak erabiltzen dituzten webgune, aplikazio eta gailuetako jarduerak gordetzen ditu.
Zure jarduerei esker, bilaketa bizkorragoak, gomendio hobeak eta eginbide pertsonalizatuagoak eskaintzen dizkizugu Maps, Bilaketa eta Google-ren beste zerbitzu batzuetan.
YouTube-ren Historia
YouTube erabiltzen duzunean ikusten dituzun bideoak eta bilatzen dituzun gauzak gordetzen ditu.
YouTube eta beste aplikazio batzuk pertsonalizatzeko erabiltzen da YouTube-ko historia; esaterako, bilaketa-emaitzak.
Nola ezaba ditzaket Nire jarduerak ataleko datuak?
Google-ko kontuan gordetako datuak ezaba ditzakezu. Gure sistemetatik kenduko dira betiko ezabatzen dituzun datuak. Prozesu zorrotz bati jarraitzen diogu datu horiek gure zerbitzarietatik erabat kentzen direla edo, mantentzen badira, zurekin erlazionatu ezin direla ziurtatzeko.
Joan Nire jarduerak atalera Google-ko kontuan gordetako jarduerak berrikusteko (besteak beste, bilatu, irakurri edo ikusi dituzun gauzak). Denbora tarte jakin bateko jarduera zehatz batzuk edo jarduera guztiak ezaba ditzakezu.
Jarduerak automatikoki ezabatzea ere aukera dezakezu.
Nola deskarga dezaket nire edukia?
Besteak beste, mezu elektronikoak, argazkiak, bideoak, dokumentuak, kalkulu-orriak, iruzkinak, kontaktuak eta egutegiko gertaerak sartzen dira zure edukiaren barruan.
Joan Deskargatu datuak atalera zure edukiaren artxibo bat sortzeko (babeskopiak egiteko edo beste enpresa batera eramateko, beste zerbitzu bat probatu nahi baduzu).
Kontrolatzeko zein aukera erabil ditzaket saioa amaituta daukadanean?
Google nola erabili nahi duzun kontrolatzeko aukerak dituzu, baita saioa amaituta daukazunean ere. Saioa amaituta daukazunean, joan g.co/privacytools webgunera ezarpen hauek aldatzeko:
Bilaketa zerbitzuaren pertsonalizazioa
Arakatzaile honen bidez Google-n egin dituzun bilaketak erabiltzen ditu emaitza eta gomendio egokiagoak eskaintzeko.
YouTube-ren Bilaketa-historia eta Erreprodukzio-historia
YouTube-n egiten dituzun jarduerak erabiltzen ditu YouTube zuretzat pertsonalizatzeko; adibidez, ikusten dituzun bideoak eta bilatzen dituzun gauzak.
Halaber, cookie batzuk edo guztiak blokea ditzakezu arakatzailean, baina, hala eginez gero, baliteke sareko eginbide batzuek funtzionatzeari uztea. Adibidez, webgune askok cookieak gaituta eduki behar dituzte haietan saioa hasi ahal izateko.
Saioa amaituta daukaten erabiltzaileek iragarki pertsonalizatuak ikusi nahi dituzten ala ez ere aukera dezakete; dena dela, ez dugu pertsonalizatzen iragarkirik adin jakin batzuetako pertsonentzat.