Google Street View-ren Trusted programako argazkilarientzako gidalerroak
Google-ren produktuetan erabiliko diren irudiak haien bezeroen izenean biltzen dituzten Google-ren Street View-ren Trusted programako parte-hartzaile guztiei aplikatzen zaizkie gidalerro hauek.
Lau atal dituzte gure Street View-ren Trusted programako argazkilarientzako gidalerroek:
- Gardentasun-eskakizunak: bezeroekin partekatu behar duzun informazioa.
- Debekatutako jardunbideak: zer ezin duzun egin bezeroen izenean Google-ren produktuetan kargatutako irudiak argitaratu edo kudeatu nahi badituzu.
- Branding gidalerroak: nola erabili modu egokian Google-ren branding elementuak.
- Kalitate-eskakizunak: bezeroek Google-n dituzten publizitate-kontuak erabiltzeko argibideak.
Gardentasun-eskakizunak
Google-ren produktuetan irudiak kargatzearen abantailak benetan ezagutu ahal izateko, erabakiak hartzeko informazio egokia jaso behar dute bezeroek. Horregatik, erabaki horietan eragina duen informazioa gardentasunez parteka dezaten eskatzen diegu Trusted programako parte-hartzaile guztiei. Behean adierazitako eskakizunak betetzeaz gain, bezeroei bestelako informazio garrantzitsua emateko arrazoizko ahaleginak egin behar dituzte Trusted programako parte-hartzaileek, bezeroek hala eskatzen dutenean.
Besteei argazkilaritza-zerbitzuak saltzen dizkiezunean, garrantzitsua da zuk ere gardentasunez jokatzea, eta zein betebehar eta eskubide dituzun jakitea, haiek beste pertsona, marka eta tokiko lege batzuei ere badagozkie eta.
Zerbitzuagatiko komisioak eta kostuak
Askotan, Trusted programako parte-hartzaileek kudeaketa-komisio bat kobratzen dute eskaintzen dituzten zerbitzu baliotsuengatik, eta komisio horiek ordaindu beharko dituztela jakin behar dute irudien erosleek. Gutxienez, eman bezeroei horren berri idatziz lehen salmenta egin aurretik, eta adierazi komisioak eta kostuak bezeroentzako fakturetan.
Irudiak erosteko aurrekontu txikiak dituzten bezeroei, batez ere, Street View-ren Trusted programako argazkilariekin nola lan egiten den jakitea komeni zaie, batzuetan ez baitituzte izaten irudien erosle handien baliabideak edo ezagutzak.
Aurkezpen zintzoa
Street View-ren Trusted programako parte-hartzaile gisa, ezin duzu aurkeztu zeure burua Google-k kontratatu zaituela iradokitzen duen moduan. Aurkeztu zeure burua zintzotasunez enpresa independente gisa, eta jakinarazi bezeroei Google-k argitaratze-zerbitzua besterik ez duela eskaintzen.
Banako erantzukizuna
Argitaratutako irudiak segundo gutxiren buruan egon ohi dira ikusgai Google Maps-en, baina baliteke geroago irudi horiek baztertzea Maps-en Erabiltzaileek ekarritako edukiaren gidalerroak edo Google Maps-en Zerbitzu-baldintzak gordetzen ez badituzte.
- Google Maps-ek agindutako irudiak kentzen baditu, argazkilariak eta enpresaren jabeak konpondu beharko dute arazoa.
- Gure gidalerroak gordetzen ez dituzten irudiak bizkor zuzentzea edo ordeztea, eta Google Maps-ek onartzen dituela egiaztatzea gomendatzen diegu argazkilariei; bestela, arazoa konpondu ezin bada, bezeroari ordaindutako guztia itzultzea gomendatzen diegu.
Irudien jabetza
Enpresen jabeek argazkilariak kontratatzen dituztenean, bi alderdiek idatzizko kontratu bat sinatzea komeni da; bertan, kontratuaren baldintzek, bermeak eta etorkizuneko jabetza-eskubideek zehaztuta egon behar dute.
- Erabaki nor izango den argazki-saioan ateratako irudien jabea. Argazkilaria izango bada irudien jabea, argazkilariaren copyrighta urratu gabe irudiak nola erabili jakin behar du enpresaren jabeak. Ezin da argitaratu irudi bera birritan bi kontu erabilita (adibidez, argazkilariaren kontua eta enpresaren jabearen kontua).
Legeak gordetzea
Gorde lege aplikagarri guztiak bezeroekin lan egitean. Ez faltsutu zure gaitasunak edo egiten duzun lanaren kalitatea. Ziurtatu agindu zaizun lana egiteko beharrezko asegurua duzula.
Irudien ikusgaitasuna
Google-k sailkatu egingo ditu Google Maps-eko irudiak, hirugarrenen arteko kontratuzko akordioak edo kontratu komertzialak (enpresen jabeen eta argazkilarien arteko kontratuak barne) kontuan izan gabe. Argazki-saioak egiteagatik enpresen jabeek argazkilari profesionalei ordaindu izanak ez dio eragiten irudiak Google Maps-en sailkatzeko edo agertzeko moduari.
Interes-gatazkarik ez
Google-ren programa batzuetan (Local Guides-en, bereziki) ezin duzu profesional gisa parte hartu; esaterako, ezin duzu dirurik jaso argitaratzen duzun edukiaren truke. Zerbitzuren bat diru-truk eskaintzen baduzu (adibidez, zeure burua Street View-ren Trusted programaren hornitzaile gisa aurkezten baduzu), garrantzitsua da zerbitzu profesional horiekin batera ez agertzea profesionalak ez diren eta inpartzialtasuna eskatzen duten bestelako zerbitzuak (adibidez, Local Guides-eko kide gisa balorazioak edo iruzkinak argitaratzeko gaitasuna).
Google-ren marken erabilera egokia
Trusted programako kidetza lortu duten argazkilariek edo enpresek soilik erabil ditzakete Google Maps-en Street View-ren marka eta Trusted programaren bereizgarria marketin-elementu gisa. Trusted programako argazkilari gisa, erabili bereizgarri horiek zure berezitasunen berri emateko. Trusted programako profesional fidagarriek Trusted programaren bereizgarria, markaren adierazpen testualak eta branding elementuak erabil ditzakete, hala nola Google Maps, Street View eta erlazionatutako beste logotipo batzuk. Hona hemen haiekin zer egin dezakezun, eta zer ez. Norbaitek Google-ren erreproduzigai markadunak onartzen ez den moduren batean darabiltzala uste baduzu, salatu arazoak hemen. Google-ren beste erreproduzigai markadunen kasuan, salatu erabilera okerrak hemen.
Trusted programaren bereizgarriaren erabilera
- Street View-ren Trusted programako kide ziurtatua bazara soilik erabil ditzakezu Trusted-en bereizgarria eta branding-elementuak.
- Trusted programaren bereizgarria edonon jartzen duzula ere, jar ezazu beti hondo zuriaren gainean, betegarri nahikoa erabilita.
- Zure izenarekin edo enpresaren izenarekin eta logotipoarekin konbinatuta soilik erabil dezakezu Trusted programaren bereizgarria.
- Webguneetan, aurkezpenetan, enpresako arropan eta paperezko salmenta-materialean erabil ditzakezu Trusted programaren bereizgarria eta branding elementuak.
- Hala ere, ziurtatu bereizgarria eta branding elementuak ez direla orriko edo arropako elementu nabarmenena.
- Ez aldatu Google Maps-en, Street View-ren edo Trusted programaren bereizgarriak, logotipoak edo markaren adierazpen testualak (besteak beste, grafikoak gehituta, irudiak zabalduta edo testuak itzulita).
- Ez erabili bereizgarria modu oker edo nahasgarrian. Esate baterako, ez ezazu erabili Google-k produktu edo zerbitzuren bat gomendatzen duela iradokitzen duen moduan.
Zerbitzuak saltzean
- Eskaini 360°-ko panoramika profesionalak zure enpresaren zerbitzu gisa.
- Ez faltsutu edo ezkutatu Trusted programako kide zarela enpresekin harremanetan ari zarenean.
- Ez nahastu diru-truk eskaintzen dituzun zerbitzuak (adibidez, zeure burua Street View-ren Trusted programaren hornitzaile gisa aurkezten baduzu) eta Local Guides-eko kidetza.
Zure webguneko branding-a
- Ez erabili Google-ren, Google Maps-en eta Street View-ren markak, Trusted-en bereizgarria, edo Google-ren beste marka komertzial batzuk edo antzekoak domeinu-izenetan.
- Trusted-en bereizgarria zure webgunean bistara dezakezu.
Zure ibilgailuko branding-a
- Ibilgailu batean grafikoak bistaratzean, zure marka eta logotipoa soilik erabil ditzakezu.
- Ez bistaratu Google-ren branding-elementurik ibilgailuetan (Street View-ren ikonoa, bereizgarria eta logotipoa ere ez).
Branding-a 360°-ko panoramiken nadirrean/zenitean
- Erabili zure enpresaren logotipoa edo izena, dagokion tamainan, nadirrean/zenitean. Formatuaren araberako irizpideei buruzko informazio gehiago lortzeko, eman begiratu bat gidalerroei.
- Branding-a ibilgailuaren irudien nadirrean edo ibilgailuaren sabaian gehitzean, honako baldintza hauek bete behar dituzu:
- Branding-a erabiltzeko baimena izatea.
- Dagokion edukia soilik bistaratzea (adibidez, tokiko turismoa sustatzea), edo beste era batean eskuduntzara mugatuta dagoena.
- Babesleen/Eskuduntzen kasuan, bistaratutako branding-ak:
- Ez du Google-ren erreproduzigai markadunik izan behar.
- Ez du promoziozko grafiko edo testurik izan behar (erakutsitako kokapenerako egokia izan ezean).
- "Sponsored by" testua edo hari dagokion itzulpena izan behar du.
- Ez erabili Trusted programaren bereizgarririk edo Google-ren beste branding-ik 360°-ko panoramiken nadirrean/zenitean (ezta kameran ager daitekeen autoaren sabaiko inongo grafikotan ere).
Gidalerro hauez gain, ziurtatu Google-ren Erabilera egokiaren arauak, markaren Zehaztapenak eta baldintzak, Erabilera geografikoaren gidalerroak eta Google-ren marka komertzialen beste erabilera-gidalerro guztiak gordetzen dituzula.
Zure enpresa Google Ads-en iragartzea
Nahi izanez gero, "Trusted programako argazkilaria" testua erabil dezakezu zure enpresa Google Ads-eko iragarkietan iragartzeko. Hala ere, kontuan izan ezin duzula erabili iragarkietan ez "Street View" marka, ez Google-ren beste edozein marka.
Google-ko enpresa-profileko branding-a
Google-ko enpresa-profil bat badaukazu, Google-ren Enpresa-profila zerbitzuaren gidalerroak gorde behar dituzu; bereziki, Zure enpresa Google-n ordezkatzeko gidalerroak.
Ez erabili Google, Google Maps, Street View edo Google-ren beste edozein marka komertzial (edo antzekorik) zure Google-ko enpresa-profilaren izenean.
Profesional fidagarri gisa onartzen zaitugunean, Trusted-en bereizgarria kargatu ahal izango duzu profilean.
Oharra: ez badiezu jarraitzen gidalerro horiei, agian galdu egingo duzu programako kidetza, baita Trusted programaren bereizgarria eta beste branding elementuak erabiltzeko eskubidea ere.
Trusted programako irudien kalitate-eskakizunak
Irudien kalitatea
- 7,5 MP edo handiagoak (3.840 × 1.920 px).
- 2:1 (irudien aspektu-erlazioa).
- Ez utzi hutsunerik irudiko zeruertzaren inguruan.
- Ez utzi akats nabarmenik irudiak elkartzean.
- Ziurtatu behar adina xehetasun dagoela eremu argi eta ilunetan.
- Garbitasuna: ziurtatu ez dagoela mugimenduagatiko lausotzerik eta argazkia fokuratuta dagoela
- Ziurtatu ez dagoela arreta galarazten duen efekturik edo iragazkirik, ezta irudiaren nadirrean ere.
Konexioa
- 360°-ko panoramikak elkartzean, ziurtatu begi-lerroa argia dela.
- Saiatu metro batera egiten barruko argazkiak; hirura, berriz, kanpokoak.
- Zure edukiarekin konektatzeko aukera handiagoa izan dezagun, hedatu bilduma kale oso bat har dezan.
Egokitasuna
- Jendea eta tokia erakusteko baimena izan behar duzu.
- Geografikoki zehatza izan behar du kokapenak
- Ezin da egon ordenagailu bidez sortutako eremurik edo efektu berezirik, ezta irudiaren islatzerik edo desitxuratzerik ere
- Ez gehitu eskuduntzarik irudiaren nadirrean ez bada
- Ez irudikatu gorrotozko edo legez kanpoko edukirik.
Debekatutako jardunbideak
Eduki desegokia
Debekatuta eta mugatuta dagoen edukia Maps-en Erabiltzaileek ekarritako edukiaren gidalerroetan aipatzen da.
Eduki desegokia salatzeko, erabili Eman arazo baten berri esteka.
Adierazpen faltsuak, engainagarriak edo gezur-itxurakoak
Street View-ren Trusted programako argazkilarien bezeroek Street View-ren Trusted programako argazkilariekin lan egiten dutenean erabakiak hartzeko informazio egokia izatea nahi dugu; beraz, zintzo eta argi jokatu behar duzu zure enpresa, zerbitzuak, zerbitzuen kostuak eta bezeroek espero behar dituzten emaitzak azaltzen dituzunean. Ez egin adierazpen faltsuak, engainagarriak edo gezur-itxurakoak.
Adibideak:
- Google-ren bazkidea zarela adieraztea, hori gezurra bada.
- Google Street View edo Google Maps-eko lehenengo postuetan agertuko direla ziurtatzea.
Portaera jazarlea, okerra edo ez-fidagarria
Street View-ren argazkilariek zerbitzu ezin hobea eskaini behar diete Street View-ren bezeroei, Google-rekin zuzenean lan egingo balute bezalakoxea. Ez erabili taktika jazarle, oker edo ez-fidagarririk jadanik dauzkazun bezeroekin edo bezero potentzialekin.
Adibideak:
- Behin eta berriro hotz-hotzean dei egitea bezero potentzialei.
- Iragarle bati presioa egitea zure estudioarekin lan egiten hasteko edo jarraitzeko.
- Google-ren ziurtagiria lortzeko azterketetara beste norbait bidaltzea, haiek zure ordez egin ditzan.
- Phishinga.
- Google Ads-eko kupoiak diru truke eskaintzea.
Gure gidalerroei buruz
Garrantzitsua da Google Street View-ren Trusted programako argazkilarientzako gidalerroak eta haien inguruko berritasunak ezagutzea. Gure gidalerroak urratzen dituzula uste badugu, baliteke zurekin harremanetan jartzea zure jardunbideak zehaztasunez berrikusteko eta ekintza zentzagarriak eskatzeko. Urratzeak errepikatzen badira edo bereziki larriak badira, baliteke zu Trusted programatik kanporatzea eta zure bezeroekin harremanetan jartzea horren berri emateko. Gainera, baliteke Google Maps-en produktuetan ekarpenak egitea galaraztea.
Gidalerro hauek dagoeneko hirugarrenei aplikatzen zaizkien beste baldintza eta gidalerroei gehitzen zaizkie; besteak beste, hauei:
Zer gertatzen da gidalerroak urratuz gero?
Gidalerroak gordetzen dituzun egiaztatzea: edozein momentutan egiazta dezakegu enpresak Street View-ren Trusted programako argazkilarientzako gidalerroak gordetzen dituen ala ez. Gidalerroak gordetzearen inguruko informazioa eskatzen badizugu, garaiz erantzun behar duzu, eta gure gidalerroak gordetzeko behar diren ekintza zentzagarri guztiak egin. Gainera, gidalerroak gordetzen dituzun egiaztatzeko, baliteke zure bezeroekin harremanetan jartzea.
Gidalerroak urratzeagatiko jakinarazpena: Street View-ren Trusted programako argazkilarientzako gidalerroak urratzen dituzula uste badugu, zurekin harremanetan jarriko gara, eta urratutako gidalerroak zuzentzeko behar diren urratsak egin ditzazun eskatuko. Emandako epean eskatutako zuzenketak egiten ez badituzu, haiek betearazteko ekintzak egingo ditugu. Urratzeak larriak badira edo behin eta berriro gertatzen badira, baliteke berehala hartzea neurriak, jakinarazpenik bidali gabe.
Hirugarrenentzako programak etetea: Google-k hirugarrenentzat sortutako programetan (esaterako, Google Street View-ren Trusted programa) parte hartzeko, behar-beharrezkoa da Street View-ren Trusted programako argazkilarientzako gidalerroak gordetzea. Horregatik, gure gidalerroak urratzen dituzula jakiten badugu edo haiek gordetzen dituzun egiaztatzeko egiten ditugun ahaleginetan lankidetzan jarduten ez baduzu, baliteke zure parte-hartzea mugatzea edo etetea.
Maps-eko kontuak behin-behinean ixtea: gidalerroak larriki urratzen badituzu, baliteke Google Maps-eko kontuak behin-behinean ixtea. Gidalerro-urratzeak errepikatzen badira edo bereziki larriak badira, baliteke Google Maps-en dituzun kontuak betirako ixtea. Kasu horretan, aurrerantzean ezingo duzu ekarpenik egin Google Maps-en. Gainera, baliteke zure bezeroekin harremanetan jartzea horren berri emateko.
Salatu hirugarrenentzako gidalerroak urratu direla
Hirugarren batek gidalerro hauek urratu dituela uste duzu? Eman iezaguzu horren berri: