Google Maps-en / Google Earth-en Zerbitzu-baldintza gehigarriak

Azken aldatze-data: 2022ko uztaila

Google Maps / Google Earth erabiltzeko, onartu egin behar dituzu (1) Google-ren Zerbitzu-baldintzak eta (2) Google Maps-en / Google Earth-en Zerbitzu-baldintza gehigarri hauek ("Maps-en / Earth-en Baldintza gehigarriak"). Maps-en / Earth-en Baldintza gehigarrietan Google Maps-en / Google Earth-en eta haien APIen inguruko Lege-oharrak txertatzen dira aipamen bidez.

Irakurri arretaz dokumentu horiek guztiak. Batera, "Baldintzak" terminoaren pean biltzen dira dokumentu horiek. Gure zerbitzuak erabiltzen dituzunean gugandik zer espero dezakezun zehazten dute, baita guk zugandik zer espero dugun ere.

Saltzaileentzat soilik diren Google Maps-eko eginbideak erabiltzen badituzu zure enpresa-profila kudeatzeko, https://support.google.com/business/answer/9292476 webgunean jasotzen diren Google-ko enpresa-profila zerbitzuaren Baldintzak aplikatuko zaizkizu.

Baldintza horietan sartzen ez diren arren, gure Pribatutasun-gidalerroak irakurtzea gomendatzen dizugu, zure informazioa nola eguneratu, kudeatu, esportatu eta ezaba dezakezun hobeto ulertzeko.

  1. Lizentzia. Baldintza hauek gordetzen badituzu, Google Maps / Google Earth erabiltzeko lizentzia bat ematen dizute Google-ren Zerbitzu-baldintzek, hauek egiteko aukera ematen dizuten eginbideak barne:

    1. Mapak ikusi eta haietan oharpenak egin.

    2. KML fitxategiak eta mapako geruzak sortu.

    3. Edukia publikoki bistaratu, sarean, bideoetan eta paperean, derrigorrezko eskuduntzak emanda.

    Google Maps-ekin / Google Earth-ekin gauza ditzakezun ekintza zehatzei buruzko xehetasun gehiago lortzeko, ikus Google Maps, Google Earth eta Street View erabiltzea baimenen orria.

  2. Debekatutako jokabidea. 2. Sekzio hau gordetzea Google Maps / Google Earth erabiltzeko lizentziaren baldintza bat da. Google Maps / Google Earth erabiltzen duzunean, ezingo dituzu honako hauek egin (eta ezingo diezu hauek egiteko baimenik eman zure izenean jarduten diren erabiltzaileei):

    1. Google Maps-en / Google Earth-en zatiren bat banatu edo saldu, edo, Google Maps-en / Google Earth-en oinarrituta, beste produktu edo zerbitzu bat sortu (Google Maps-en / Google Earth-en APIak erabili ezean, beren zerbitzu-baldintzen arabera).

    2. Edukia kopiatu (non eta Google Maps, Google Earth eta Street View erabiltzea baimenen orriak edo jabetza intelektualari buruzko lege aplikagarriek horretarako baimena ematen ez dizuten, besteak beste, "bidezko erabilera").

    3. Edukia masiboki deskargatu edo haren jario masiboak sortu (edo beste norbaiti hori egiten utzi).

    4. Google Maps / Google Earth erabili mapekin erlazionatutako beste datu multzo bat sortzeko edo handitzeko (besteak beste, mapetako edo nabigazioko datu multzo bat, enpresa-fitxen datu-base bat, posta-zerrenda bat edo telemarketineko zerrenda bat), Google Maps-en / Google Earth-en ordezkoa edo oso antzekoa den zerbitzu batean erabil dadin.

    5. Google Maps-en / Google Earth-en zatiren bat beste pertsona batzuen produktu edo zerbitzuekin batera erabili denbora errealean nabigatzeko edo ibilgailu autonomoak kontrolatzeko, non eta ez den Google-k emandako eginbide zehatz bat erabiltzen horretarako; adibidez, Android Auto.

  3. Benetako egoera eta ardura hartzea. Google Maps-en / Google Earth-en mapetako datuak, trafikoa, jarraibideak eta bestelako edukia erabiltzen dituzunean, benetako egoera agian ez da bat etorriko mapetako emaitzekin eta edukiarekin. Hortaz, jokatu zure irizpideen arabera eta erabili Google Maps / Google Earth zure ardurapean. Zure jokabidearen eta haren ondorioen erantzule izango zara uneoro.

  4. Google Maps-en / Google Earth-en daukazun edukia. Google Maps / Google Earth bidez kargatu, bidali, gorde edo jasotzen duzun edukia Google-ren Zerbitzu-baldintzek arautzen dute, baita "Zure edukia erabiltzeko baimena" klausulan agertzen den lizentziak ere. Frantziako egoiliarra bazara, Google Bilaketa zerbitzuaren Zerbitzu-baldintza gehigarriak aplikatzen zaizkio Google Bilaketa zerbitzuan publikoki ikusgai dagoen edukiari. Hala ere, gailuan bakarrik gordeta geratzen den edukia (adibidez, KML fitxategiak) ez da Google-ra kargatzen edo bidaltzen; beraz, ez dago lizentzia horren menpe.

  5. Gobernuko erabiltzaileak. Google Maps / Google Earth gobernu-entitate baten izenean erabiltzen ari bazara, baldintza hauek aplikatuko dira:

    1. Legedi aplikagarria.

      1. AEBko eta Europar Batasuneko hiri edo estatuetako gobernu-entitateei ez zaie aplikatuko Google-ren Zerbitzu-baldintzek legedi aplikagarriari eta jurisdikzioari buruz duten sekzioa.

      2. AEBko gobernu-entitate federalei dagokienez, Google-ren Zerbitzu-baldintzek legedi aplikagarriari eta jurisdikzioari buruz duten sekzioa honekin ordeztuko da:

        "Baldintza hauek AEBko legeen arabera arautu, interpretatu eta gordearaziko dira, lege-gatazkak aipatu gabe. Lege federalek uzten duten heinean baino ez: (A) Kaliforniako estatuko legeak (Kaliforniako lege-gatazken arauak kanpo) aplikatuko dira lege federal aplikagarririk ez dagoenean; eta (B) Baldintza hauekin edo Google Maps-ekin / Google Earth-ekin erlazionatutako auzi oro Santa Clara konderriko (Kalifornia) auzitegi federaletan soilik ebatziko da. Hortaz, alderdiek onartu egiten dute auzitegi horien jurisdikzio pertsonala."

    2. AEBko gobernuaren eskubide murriztuak. AEBko gobernu federalak Google Maps / Google Earth erabiliz gero (edo zerbitzu horiek gobernuarentzat erabiliz gero), erabilera hori Google Maps-en eta Google Earth-en Lege-oharretako "AEBko gobernuaren eskubide murriztuak" sekzioak arautuko du.